XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dirua ez omen da irabaztea zenbat kostatzen den probatu artean behar bezala estimatzen.

Horrelako zerbait.

Gauza guztiak neronek bakarrik begiratzen ta irizpetzen ditut gaur.

Hasieran, askatasuna hauxe izango zelakoan nenbillen.

Askatasuna? Bai zera!.

Galduarena, ardi deslaiarena, izatekotan.

Nahiago nuke neure senez bakardadean egindako idorokunderik miresgarriena baiño, nire jendartearen pobrezia.

Hobe milla bider bakardadean aberats baiño gure herriarekin pobre.

Ondo dakust bai, ez nuela zorionez nire begiekin bakarrik ikusten.

Lagunarteak, gizarteak ikusten zuen nire begiotatik aurrera.

Ta ezin ohitu naiz nire begiok nire herria ez den honi uztera.

Galdekizunak analizatzean nire alderdiak ikusten ditut eta kito.

Ez dut ikuspegi berrien billa zizta nazan lagunik.

Ez daukat ustegabeko alderdi izkutuetara eramaten nauen kontrarioaren laguntasunik.

Zergaitik ez atzerriaren bentajarik haundiena honetxek izan behar luke-ta?.

Zer dakit nik....

Ezin asmatu ditu nunbait ba dirala igarritako errealidade kabiak, zokoak.

Hain da poxpolo eskasa gure irudimena.

Galdekizunen barrunberaiño sartzeko zirrikituak misterioan gordetzen zaizkit.

Huri handien antzekoak aurkitzen ditut prolema guztiak.

Paris-en, Kolonia-n, Hamburg-en, Erroma-n, bakarrik abiatzen denak ez du erdiaren erdia ikusterik irixten.

Oin alperrotan ez dugu asperkundearen bide betikoetatik irtetzeko adorerik.

Eta lehenengo egunetako alegiñen zoroaldia igarotakoan, aulkiren batean exeri ta bertan abandonatzen dugu arima.

Hutsunea egin zait pentsamentuaren inguruan.

Hutsunearen esi bildurgarria.

Bakardadea goratzen dute olerkariek.

Apartekoa baita, ideien joan-etorrian, inpresioen zurrumilloan, atsegitera erretiratzeko.

Baretzen dugu arimako aidea ta gogoaren leiak txukun txukun bakoitza bere leku jakiñetara jasotzen ditugu.

Lotara joatea da.

Halabainan, zer poz izan dezake oheak urrengo goizean, ta ondorengo gabean, ta geroko egunean ere ta aurreragoko luzaroan lo egon beharko duela dakienarentzat?.